2014/01/02

Ispilu neuronak eta enpatia

Enpatia besteen emozioak sentitzeko dugun gaitasuna da. Pertsona bakoitzak enpatia maila desberdina du eta gaitasun hau ez da finkoa, landu dezakegun zerbait da, eta berez hazten garen heinean gure enpatia handituz doa.


Enpatia inteligentzia mota bat dela esaten da, pertsonen arteko harremanak errazten dituelako, baita erasoak murriztu ere. Baina nondik datorkigu gaitasun hau? Gizakian bakarrik gertatzen den zerbait al da? Ez, animaliek ere badute enpatia, eta hain zuzen ere gizakiarekin denboran zehar gertu ibili diren animaliak aukeratuak izan dira etxekotzeko, txakurren kasuan adibidez, hauen enpatia handiarengatik.

Baina zerk ematen digu gaitasun hau? Zergatik senti ditzakegu besteen emozioak gureak balira bezela? Prozesu honen arduradunak antza “ispilu neuronak” dira. Neurona mota hau Giacomo Rizzolattik deskribatu zuen 1990ko hamarkadan, makakoekin egindako lanen ondorioz. Zerebroko eremu bat den kortex bentralean, neurona hauek aktibatzen zirela ikusi zuen, bai makakoek ariketaren bat burutzen zutenean, baita besteek burutzen zutela ikusten zutenean ere.

Sistema honek erlazio sozialak garatzen laguntzen digu, besteek sentitzen dutena ulertzeko gaitasuna ematen digulako. Ez hori bakarrik, gizarte bezela bizitzeko beharrezkoa dugu geure burua gizartearen parte bezela ikustea eta besteek ikusi eta sentitzen dutena ulertzea. Hemendik datozkigu auzo-lotsa bezelako sentimenduak, izan ere persona batek zeozer gaizki egiten duenean jakitun garelako ez dela berdina bakarrik egonda edota jende aurrean egonda hanka sartzea.

Beraz ispilu sistema hau uste baino garrantzi handiagoa du eta, oraindik ikerlarien artean eztabaida sortzen bada ere, geroz eta froga gehiago daude sistema hau eta enpatia edota autismoa bezalako prozesu konplexuak erlazionatzen dutenak.

Erreferentzia bibliografikoak
  • Rizzolatti, G. & Gallese, V. “Mirror neurons”. Encyclopedia of Cognitive Science, 1998
  • Krach S, Cohrs JC, de Echeverría Loebell NC, Kircher T, Sommer J, et al. "Your Flaws Are My Pain: Linking Empathy To Vicarious Embarrassment" PLoS ONE, 2011 doi:10.1371/journal.pone.0018675.
  • Enticott PG et al. "Interpersonal motor resonance in autism spectrum disorder: evidence against a global 'mirror system' deficit" Frontiers of Human Neuroscience, 2013 doi: 10.3389/fnhum.2013.00218
. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Achucarroko zentroko Neurobiologia Laborategiko doktoradutza ikaslea

 

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina