2016/02/17

Argiaren bidaia garuneraino

Gizakiok dugun zentzumen nagusia ikusmena da. Begietatik etengabe jasotzen dugu informazioa eta honek mundua ezagutzen laguntzen digu. Ohikoa da ikusmen arazoak izatea eta honek pertsonen bizi kalitatea asko lermatzen du, ikusmenaren bidez jasotzen baitugu kanpoko informazio gehiena. Informazio hori begietatik sartu bezain pronto ikusi egiten dugu, hau da, informazio hori ziztu bizian bidaiatzen du. Baina kontuz, horrek ez du esan nahi prozesu xumea denik.





Ugaztunen begiek sistema konplexua osatzen dute, non argia pupilatik sartzen den, eta irisak diafragma moduan funtzionatzen duen, argi gehiago edo gutxiago pasatzen utziz. Kristalinoak lente baten moduan funtzionatzen du, argia pasatzean ikusten duguna enfokatuz eta azkenik argia erretinara iristen da. Hemen fotoerrezeptoreak ditugu, ikusmenaren protagonista nagusiak.

Fotoerrezeptoreak zentzumenetan parte hartzen duten zelularik espezializatuenak dira eta fototransduzkzio izeneko prozesua gauzatzen dute. Prozesu honen bidez, energia optikoa energia elektrikoan bihurtzen dute, hau da, begiek jasotako argia nerbio bulkadetan transformatzen dute. Mota desberdinetako fotoerrezeptoreak ditugu. Alde batetik konoak, koloreari buruzko informazioa ematen dutenak, hala nola informazio espaziala, eta argi asko dagonean funtzionatzen dutenak. Beste aldetik bastoiak, distirari buruzko informazioa solik eman eta argi gutxi dagoenean funtzionatzen dutenak. Zelula hauek, euren bukaerako axoian, neurotransmisoreak jariatzen dituzte informazioa jaso ostean, hurrengo zelulak hartu eta nerbio bulkadak aurrera egin dezan, garunerako bidaian zehar. Neuronen antzera dihardute beraz.

Sortu berri den korronte elektrikoa begitik atera eta nerbio optikoaren bidez egiten du garunerako bidaia. Gizakien kasuan, baita beste espezie batzuetan ere, begi bakoitzetik ateratzen diren nerbio optikoak gurutzatu egiten dira bata bestearekin, kiasma izeneko egituraren bidez. Honek bi begietako informazioa garuneko bi hemisferioetara eramatea ahalbidetzen du, sakonerari buruzko informazioa gehituz bidaiatzen ari den informazio horri. Behin garunean seinalea ikusmen kortexa egiturara iritsi eta bertan informazioa prozesatu egiten da eta ikusten ari garenaren irudia sortzen da.

Argiak garunera iritsi arte egiten duen bidaia ez da makala, beraz. Hala ere ikusten ari garena, momentuan bertan esaten digu garunak. Pentsa zenbaterainoko langile finak diren sistema honetako protagonistak.

. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Doktoradutza-ondoko ikertzailea (Achucarro eta UPV/EHU)


Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina